XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irakurleak jadanik ez daki zer pentsatu.

Buruko mina.

Hizkiak lausotuz doaz eta bere pentsamenduekin nahasten dira).

Zentratzen saiatu behar dut, eta hurrengoan kafe gutxiago hartu.

Berriz ere zaldi gainean doa kixote, eta Santxo inozo hori jarraitu nahian.

Badoa. baina! Zer da hau? Liburutik kanpo... Kanpora doa!.

Irakurleak eskua luzatu du, baina pertsonaiak ihes egin dio.

Bera ez da konturatu, erdilotan bait dago, ez da konturatu bi orri batera pasa dituela, eta zaldun ospetsua oraindik ez zaiola iritsi, atzean utzi duela.

Sinistezina. Betaurrekoak kendu eta jantzi, ongi begiratu, begiak zabal zabalik....

Zaila da egiaren eta ilusio hutsaren arteko muga bereizten.

Orriak aurrera eta atzera.

Ongi. Bere lekura etorri da berriz ere, zaldiak mingaina zintzilik, eta Santxo potoloa arnasestuka. Hau da martxa!.

Zein ixila den gaua... Gu ere zenbaitetan hain gara ixilak.

Panpin arroxari buruzko ideia bezalakoak bizi ditugunean, gure barruan mundu itxi bat sortuz.

Mundu txiki bat da gizona....

EKAINA. 1- osteguna. 2- ostirala. 3- larunbata. 4 (gorria)....

Zertarako egon egunkariari begira, edo eta noiz bait etorriko den hune desiratu haren zain?.

Geroak ekarriko duenaren zain, eta gezurrezkoa da, ez du balio....

Geroak ilusioak zapalduko ditu, eta espero duguna oraindik ez dela iritsi argituko.

Irakurlea ez da konturatu, baina piskanaka Mantxako lasaitasuna nabaritzen hasi da, eta denboraren kezkarik gabe, bikote zelebrearen bizitzan murgiltzen ari da.

Gela osoa ilunpetan dago, eta txoko batean lanpara baten argi xumea.

Liburua zaharra da.

Orriak horituak daude apal batean pasa duten urte mordoaren adierazgarri.

Buelta ematerakoan xirrixurrumurrua entzuten da. Gero isiltasuna.

El ingenioso hidalgo Don Quijote de la Mancha 832. Zaldun bati jarraiki noa zaldirik gabe. Nekea. Beroa. Egarria. Pott. 833.

Santxoren kopetean behera izerdi tanta potoloak nabaritzean, alboko bonbilatxo hori Mantxako eguzkia bezain beroa bihurtu da.

Liburuaren neura sartzen hasia zait.

Pospolo kaxa dago mahai gainean.

Txikitandik izan dut halako piromania bat.

Pospoloa piztutzean, lanparatxoaren argipetik at dauden mamu itzalak argitzen dira.

Jertsea zintzilik. Ohea. Kitarra. Gero iluna berriz ere.

Lanpararen gainetik gora doa zuzen zigarroaren ke urdina.

1987. Nuklearrik ez.

Zigarroa eskuan. Ahoa. Kea. Lehen bait lehen itzali.

Kixoteren mundua... ero mundua.

Lerro batzuk besterik ez, eta ihes egiteko aukera.

Kixote bere azken pauzoak ematen ari da nire aurrean.

Bihar edo etzi, beharbada, berriz hasiko du ibilaldia beste norbaitekin, Zerbantesen heroiak.

Baina eta... hitzak besterik ez ote? Xomorroa ere trapu besterik ez.

Ilusio bat soilik.

Zenbaitetan gauean lo hartu aurretik buruan ibiliriko hura ezin da egunaren argitan gogoratu.

Ni poeta kaxkar bat naiz eta kolore urdinez eskribitzen dut gauero... esan zuen behin norbaitek, eta zenbaiti gaueko inspirazioa topiko hutsa iruditu zitzaion.

Baina noizbait, maindire arteko amets epeletan bart sorturiko lirika bikain hura goizeko freskuran gogoratzen saiatu bada ikusiko du zeinen zaila den, nola betirako galduko den.

Agian, Kixote izango zen prosa klasiko haren protagonista, edo eta Alejandro Magnoarekin Mediterraneoan zehar eginiko bidaia gezurrezkoa.

Gezurrezko istorio hauek bait dira ahazten zaizkigunak, eta nahasten gaituztenak.

Hori da dena.

Gaur Kixote gizon bat dela badiot ere, biharko ahaztuko dut, eta liburuan gorderik geratuko den fantasiazko oroimena besterik ez da izango.

Irakurlea altxatu da eta leihora inguratu.

Pertsiana ireki du.

Egunsentia da jadanik.

Goibel dago zerua... Berak, Mantxatik datorren gizonak bezala, eguzki beroa espero zuen.

Berriz ere eseri da eta lanpara gorria itzali.

Lehiotik sartzen dena argi motelak argitzen du gela.

Ordu batzuk bakarrik, bihar azterketa.

Gero... gaupasaren ondorioak, 1033.

Bukatzen ari da.

Irakurtzen murgildurik pasaturiko orduen artean, hainbat burutapen.

Burutapen lelo, zentzugabe, serio eta beste.

Azkenerako arina bihurtu da irakurketa. Arinegia. Bi lerro bai. Hirugarrena paso. Nekea.

Laister etxean mugimendua nabarituko da.

Bitartean ni, bizkarra makur, begirada lerroz lerro, eta berriz ere, hor doa Kixote, beti aurrera Gaztelako lurralde elkorretan zehar zaldi gainean, gaueko freskura gozatuz, ametsean.

Xomorro arroxa misteriotsua geldik bere postuan.

Zenbaitetan esango nuke nire pentsamenduak ere ezagutzen dituela.

Izaterik gabeko izateak. Errealak.

Ilusio baten errealitatea ukaezina bihurtzen didatenak.

Liburua zabalik da oraindik.

Irakurlea burumakur haren gainean.

Duela gutxi piskanaka idazten joan den folio zuri haietan azkena bete du. Hitzak. Hitzak bakarrik....

AMAIA.